Pertsona honi partzuergoaren administrazioa eta zuzendaritza exekutiboa dagozkio, baita funtzionamendu operatiboaren erantzukizuna eta jardun-arloen eta langileen zuzendaritza ere, Gobernu Batzordearen eta Batzorde Betearazlearen jarraibideen arabera jardunez.
Zuzendaritza Nagusiak, Estatutuen arabera, honako eginkizun nagusi hauei erantzun beharko die:
- Partzuergoaren jardun-eremuak zuzentzea, eta Partzuergoaren nahiz lantaldearen burua izatea.
- Kontratazio-organoaren eginkizuna betetzea, sektore publikoko kontratuei buruzko legeriarekin bat etorriz.
- Jarduera eta zerbitzu-programak ezartzea.
- Berrikuntza eta eraldaketa-politikak diseinatu eta gauzatzea, bai barne-eremuan, bai Partzuergoak kanpokoekin dituen harremanetan.
- Partzuergoaren jardueraren eta helburuen planifikazioa, jarraipena eta koordinazioa egitea, Batzorde Betearazlearen laguntzarekin.
Bilatzen dugu pertsona bat bere ibilbide profesionalean berrikuntza, gizarte-eraldaketa, adimen kolektiboa edota ikuspegi estrategikoa landu dituena; aldi berean lidergo partekatua eraikitzeko gaitasuna, taldeak koordinatzekoa, negoziatzekoa edo komunikatzekoa baloratuko zaizkio.
Laborategiak euskaraz funtzionatuko duenez, hizkuntza honetan gaitasun funtzional osoa erakutsi beharko du; gaztelaniaz eta ingelesez, gutxienez gaitasun ertaina; eta frantsesaren ezagutza ere baloratuko da.
Tituluei dagokienean, unibertsitate-titulua eskatzen da eta titulu osagarriak baloratuko dira, lehentasunez humanitate digitalak, teknologia eta teknika.